XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

2.1.3.- Taula periodikoa.

Taula periodikoa, gaur egun ezagutzen dugun moduan, Dimitri Ivanovitx Mendeleiev kimikari errusoari zor zaio, nahiz eta Lother Meyer kimikari alemaniarrak honetaz ere lan egin.

Mendeleiev-ek 1869. urtean proposatutako taula periodikoan Newlands-ek proposatutako ideiari jarraitzen zion; elementuak pisu atomiko gorakorreko ordenean jartzeari alegia.

Hala eta guztiz ere zenbait puntu kontutan hartu zuen: 1. Pisu atomikoaren arabera elementurik sartzen ez bazen, zuloa uzten zen elementu berri batentzako.

Silizioaren azpian egokiro jar zitekeen elementurik ez zen ezagutzen orduan zulo bat utzi zen eta ekasilizio izena eman zitzaion artean aurkitu gabe zegoen elementuari.

2. Pisu atomikoen azterketa kritiko bat egin zuen.

3. Gaur egun trantsizio-metal izeneko metalak kokatzeko periodo luzeak proposatu zituen.

Honela manganesoa eta banadioaren moduko metalak sufre eta kloro ez-metalen azpian kokatzea baztertu zen.

4. Oraindik aurkitu gabeko elementuen propietateak aurresan zituen, jokamolde periodikoa oinarritzat harturik.

Aurresate hauek, oso zehatzak gertatu ziren.

Taulan ekasilizioarentzat Mendeleiev-ek aurresan zituen propietateak, geroago aurkitu zen germanioarenekin gonbaratzen dira.

Mendeleiev-ek bere aurkikundea, lege periodikoa emanez laburtu zuen.

2.1.4.- Gaur egungo taula periodikoa.

Mendeleieven taula periodikoa nahiz eta oso aurrerapauso garrantzitsua izan, ez zen guztiz egokia gertatzen zenbait elementu kokatzeko.

Nahiz eta pisu atomikoak guztiz zehatzak izan, zenbait elementu pisuaren arabera taulan kokatzen zenean ez zen bere propietatei zegokien tokian aurkitzen.